Atlasetik Atlasera (eguneratuta)

Kontrol sentipenak baretuta, aurrera jarraitzen dugu. Laburbilduz, poliziak arreta berriz deitu aurretik egunotan nik jo dut haiengana eta erantzuna harrigarria izan da. Orain, berriz, Erdi-Atlaseko kanpin baten nago, lehenago zer pasatuko zain: beherakoa, katarroa ala ekaitzak. Aurretik Erdi-Atlaseko bi etapa gogor eta Goi-Atlaseko beste sei dauzkat, beraz ea hirutik bi behintzat gainetik kentzen ditugun.

Toki turistikoetan ere bakarrik egoteko konpontzen naiz.

Hiriak sahiestu ohi ditut, baina duela urte asko Feseko eta Marrakesheko medinekin liluratuta, sentipen haiek berritzeko gogoa neukan. Beraz, aurreko egunetako ardura, eguzki eta kilometroak saritzeko, meloi hori pila jan (sekulakoak daude) eta bi gau eman nituen Meknesen.

Zoragarria bi zentzuetan, Meknes. Trafiko zoroa eta medina erraldoia. Kalexka estu-estuak. Metro karratu bakoitzeko denda, tailer edo jatetxe bat.

Atzerritar gehienak garai honetan kostaldeetan daude, eta giri berezitxoak bakarrik gabiltza hemendik. Bi egunetan dozena erdi ikusi ditut, eta hoietatik lau nire ostatuan. Izan ere, inguru hontara marokoarrak udan etorri ohi dira eta europarrak beranduago, beraz ostatu gehienak hutsik daude.

Wendy eta Tim, Marokortu nahi duen bikote ingelesa. Oso elkarrizketa interesgarriak izan ditugu.

Nire gusturako, Ifrane eta Azrourako bidea luzeegia zen, eta tartean dagoen El Hajeb-eko hotelak, garestiegiak. Zorionez udal-kanpina dago. Zoritxarrez, abandonatuta. Orduan oroitu nituen gendarmearen hitzak, eta poliziarengana jo. Nahi nuen bakarra kanpin zaharrean denda jartzeko baimena zen. Erantzuna, adeitasun handia eta itxoitzeko mesedez. Horrek Marokon bost minutu edo hiru ordu esan nahi du.

Hiru ordu izan ziren, ekaitza nola sartzen zen begira. Marokon ere badaki euria egiten.

Bukaeran, flipea. Poliziaren furgonan bizikleta ta biok sartu eta umeen barnetegira. Oraindik eskolak ez dira hasi eta Tchufet atezain jatorra eta ni jaun ta jabe.

Zenbat herrialdetan ematen dio udalak bidaiari bati doaneko ostatua, herriko hotelak hutsik daudenean?

Atzo, Ifranen hotzikara sentitu nuen. Frantsesek negurako eraikitako herri perfektamente frantsesa. Marokoar aberats asko kafetegietan, luxuzko hotel ta jatetxeak. Argazkirik atera gabe korrika aldegin nuen handik. Irteeran, haurrentzako jolastoki baten frantsesezko haur-kanta entzuten zen, ozen, eta haurrak isil-isilik jolasean. Beldurrezko filma zirudien!!!

Hemen mendialdera igotzeko ekaitzak pasa zain nago berez, baina aterpe batetik erantzun berri didate ba omen daukatela niretzako tokitxo merke bat, beraz agian bihar goizean goiz aterako naiz. Edo ez 😉

Ze zaila egiten zaidan ibilbideak aukeratzea! Desiatzen nago Agadirrera iritsi ta aurrerantzean norabide bakarra izateko.

Eguneraketa (2019-09-07): Gaur goizean oso nekatuta jeiki naiz, jarraitzeari uko egin diot eta asmatu egin dut. Izan ere, eguerdian sekulako zaparradak hasi dira. Kanpalekuko langilearen meritua ere bada, goizeko zazpiretan esan baitit -ez dago desberdinasunik gaurko ta biharko egunen artean- edo, ez hain aldaera filosofikoan, “ez izan ergela, sekulakoa botako du eta”. Ondoren, gainera, Feseko familia bat eta beste mutil bat etorri dira asteburupasa, eta bigarren honek sekuako tajinak prestatzen ditu. Beraz agian bihar aterako naiz, edo ez 😉