Tinguirreko egonaldia baliatu dut nire albokaren azalpen batzuk prestatzeko, audio eta guzti.
Aurretik, herriaren argazkitxo batzuk.
Hiri txikia da berez Tinguir, baina hogeitapiku kilometro luzeko palmondo-sailaren ondoan auzo ugari daude. Uraren magnetismoa.
Gainerakoan, tailerrez jositako hiri zaratsua da eta kosta egiten da arnas hartzea lehortasunaren eta kutsaduraren ondorioz. Arratsalde batzuetan sartzen den hare-ekaitzak ere ez du laguntzen.
Orain bai, alboka.
Ossesek alboka estandarizatzeko lan bikaina egin du materialekin eta diseinuarekin. Ondorioetako bat tonalitate desberdinetako (eta aldakorretako) albokak dira. Hurrengo azalpenak ulertzen ez badituzu ere, grabazioen arteko desberdintasunak nabaritzen saiatu zaitezke.
Alboka tradizionalak (La-Sol) La notatik hasi eta goragoko Fa# edo Sol notarainoko notak ditu. Hau da, La-Si-Do-Re-Mi-Fa#/Sol eskala dauka (Sol nota Fa#ri gogor putz eginda lortzen da). Nota hoiekin somatzen dugun tonalitate edo testuinguruari (tristea, Erdi Arokoa…) doriarra deitzen zaio. Kasu honetan La notan hasten da (La doriarra, beraz) baina edozeinetan hasi zitekeen, noten arteko distantzia mantenduz gero.
Nirea Sol-Sol alboka da, tradizionalari beheko Sol gehitzearen ondorioa. Goiko Solarentzako ere aparteko zuloa dauka azpiko aldean.
Horrez gainera, nire albokak tarteko notak tono erdi igo edo jeisteko gomak dauzka. Hori eginda eskala eta tonalitate desberdinak jo daitezke alboka berarekin.
Maior tonalitate ezagunean (Pintto-Pintto haur-kantarenean) jo nahi badugu, alboka tradizionean oso mugatuta gaude. Do maior eskala erabili behar, baina zoratu egingo gara Fa# notaren zulotik batzutan Fa (zulo erdia estaliaz) eta beste batzuetan Sol (putz asko eginaz) ateratzeko. Sol-Sol albokarekin, berriz, eskura dauzkagu bi Solak eta, gomatxo bat igota, Fa egonkor bat.
Goiko notekin behekoekin baino gehiago jolastu nahi bada, Sol notan oinarritu dezakezu aukeratutako tonalitatea. Jarraian hasierako hirurak baina Solen oinarrituta.
Esperimentatzea ere oso dibertigarria da, noski.
Jotzeko orduan, tonalitate bakoitzarekin hatzamarrak era desberdinean jarri behar dira, baina, behin kokatuta, egin beharreko mugimenduak berdinak dira. Pianoan bezala, beraz, baina errazago.
Arazo larriagoa izan daiteke zulo bi elkarrengandik oso hurbil daudenean eta hatzamar lodiak baldin badituzu. Nik nahiko finak dauzkat eta batzuetan juxtuan konpontzen naiz, baina agian praktika kontua ere izango da.
Digitaziorako, funtsean, bi aukera daude: 1-alboka arruntarena erabiltzea gehi eskuineko hatzamar txikia, ala 2-Eskuineko hiru hatzamarrak zulo bat beherago jarri (azkena ere estaltzeko) eta ezkerreko hatzamar “tontoa” ere erabiltzea. Ni ere apur bat tontoa naiz eta oraindik ez dut erabaki.
Ondorioz, albokarekin tentatuta bazaude eta oso tradizionalista ez bazara, nota aldakorreko alboka aukera bikaina da. Aldiz, joko duzun bakarra betiko errepertorioa bada, hobeto alboka arrunta, nireak adarraren puntan (puntaren puntan) gehiago pisatzen baitu (luzeagoa delako).
Edonola ere, helburua gozatzea da, txiruliruli, txiruliruli.