Sevillako atsedenaldia ederra izan zen, zorioneko gastroenteritisa. Hiri ederra da garai epelago baterako.
Ostatua toki zoragarria, gazte bolondresek umorez eramandako patio andaluza. Lagun onak egin nituen bertan, eta pertsonai bitxirik ere izan genuen. Oinezko alemaniar bidiari batek, guztiokin hitz eta pitz aritu ondoren batzuek haxixa erosteko emandako diruarekin aldegin zuen. Hurrengo goizean jakin izan genuen eskupekotarako poto handia ere eraman zuela, txanponez lepo. Nire ondoan zeukan ohea, eta niri behintzat ez zidan ezer kendu. Interesgarria gure Michael.
Algeciraseraino presarik gabe iristeko asmoz, hiru etapa planifikatu nituen, urtegiz urtegi, baina, lehenengoan ezik, kontrako haize bortitzak eta akanpatzeko tokien eskasiak asko gastatu zizkidaten indarrak. Hala ere aurkitu nituen toki ederrak.
Algecirasen penintsula uzteko aitzakiarekin omenalditxo bat eman nion nire buruari Barbateko atun gorriarekin. Nekarren pilatutako gosearekin harrituta geratu nintzen.
Atzo goizean goiz, emozioaz edo ia lorik egin gabe ferrya hartu nuen. Algecirasetik Tanger Med-era ez omen dira ziklobidaiari asko pasatzen, eta portuko langileek eta tripulazioak oso agur beroa egin zidaten.
Marokon prestatu dudan nolabaiteko ibilbidean auto gutxi eta jende oso jatorra. Ez dira inguru turistikoak eta apenas dago ostaturik, baina Marokon akanpatzea oro har libre da eta diskrezioz egitearekin nahiko. Ostatu hartu dudan basotxo honetan gustura ari naiz idazten, zakuaren goxotasuna uzteko alperrez.
Baina ekingo diot bideari. 50 kilometrora edo badago herrixka bat akaso bapo bazkaldu eta lotan geratzeko modukoa. Arratsaldepasa lasaiak dira gehien gozatzen dudan luxua. Askotan betetzen ez diren arren, horrelako amets txikiek mantentzen dute bidaiaren xarma.