Gero arte, Atlantikoa

Ez naiz damutzen kostaldea uzteaz, hondartza giroak aspertzen bainau. Hala ere, pedaleo erraza gustuko duenarentzako oso gomendagarria da Portugaleko ipar kostaldean lotzen bukatzen ari diren bidegorridun bide berdea. Tarteka polita da eta tarteka txundigarria, hezeguneen gainetik doazen egurrezko pasabide luzeekin.

Egur gaineko bizikletaren hotsa oso berezia da, txalapartaren oroitzapenak dakartza.

Ondobidean (Xabier Usabiagarengandik ikasia) Marokon esango diot berriro kaixo ozeanoari.

Benetako arauak (eguneratuta)

Gaur lau garagardo behar izan ditut lotarako tokia lortzeko. Bi, inguratzeko, beste bat zehazteko, eta, laugarrena, ospatzeko. Hala ere ez nago guztiz lasai.

Argazkian jenderik ageri ez bada ere, nire trebezia sozialik onenak behar izan ditut hemen akanpatzeko.

Ondoan taberna daukaten kaperatxoak oso tentagarriak dira. Arratsalde partean agertu, bertakoekin solasalditxo lasaia izan eta non geratu gomendatu ohi dizute (Ouzandeko lagunen adeitasuna apartekoa izan zen).

Hasieran parketxo bat aipatu didate, baina konfidantza (eta kopatxo batzuk) hartuta, toki hura ez omen dela parte onekoa eta hobeto nagoela hementxe, etxeartean.

Iluntzera arteko tarte zail honetan -denda jartzeko tokira noiz arrimatuko-, herriko aberatsa eta kaperako zaindaria ezagutu ditut. Benetan interesgarriak, horretan utziko dut. Azkenengoa ezik, esango nuke ezagututako guztiak pozik daudela ni hemen geratuta. Ea ezagutu gabeko inork ez dion poliziari deitzen. Ea nork jartzen dituen arauak hemen.

Eguneraketa: Uste dut aurkitu dudala nork jartzen dituen. Atzo ezagutu ez nituen lau andrek goizean barre artean ondo lo egin dudan galdetu didate eta kafera gonbidatu. Gustua ematen du eguna horrela hasteak!