Agur Portugal eta kaixo Warmshowers

Errepidean ziklobidaiari gutxi aurkitu ditut hilabete ta pikuan. Orain espezie maitagarri honen beste ikuspegi bat ezagutu dut. Bi bikotek haien etxeak ireki dizkidate, atseden hartu, bapo jan eta esperientziak elkartrukatzeko. Bizikletaz bidaiatu ez duenari kosta egiten zaio sinestea, baina hala da.

Javi eta Desy, sarearen aztiak eta sekulako pertsonak. Ez daukat Lucile eta Alejandroren argazkirik, baina miresgarria da haiek ere Ferian daramaten lana. Besarkada handi bana!

Gehiagok horrela jokatuko bagenu ederki hobetuko litzateke mundua. Nik neuk argi daukat hurrengo bizileku finkoa ziklobidaiarientzat irekita egongo dela.

Gainerakoan, hanketan jadanik inolako arazorik gabe. Portugalen behera lursail guztiak itxita zeudela ikusita, ibilbidea laburtu eta Badajozetik Algeciraserantza jotzea erabaki nuen.

Portugaleko azkenengo kanpaldia primerakoa izan zen. Vila Fernandoko albufeira.

Huelva eta Cadiz utziko ditut ikusi gabe ta Badajozen behera hasi naiz Saharako beroetarako entrenatzen. Agian ez da erabakirik onena baina baten bat hartu behar.