Aspalditik idatzi nahi nuen bideen inguruan. Bizikletan sekula bidaiatu ez duenarentzat deigarria izan ohi da ipurdi azpian 40 kilotik gorako pisuaz pedaleatzea.
Egia esan autonomia zati bati uko eginez gero pisu askoz gutxiagorekin bidaiatu daiteke. Atzo frantses batzuekin hitzegin nuen -hilabetean ikusi ditudan beste alforjadun bakarrak!- eta haietako batek etzanda zoazen bizikleta hoietako bat zeraman, ekipai ta guzti 20 kilo. Noski, jatordu guztiak ostatuetan egin behar.
Edonola ere, nolakoa da esperientzia? Poetiko jarri gabe, bizikletan oro har hiru faktorek agintzen dute: maldak, errepidearen egoerak (edo izaerak) eta haizeak. Kargatuta zoazenean lehenbizikoa biderkatu egiten da. Horrek ez du esan nahi indar gehiago egin behar duzunik, baizik eta maldan gora astiroago joan behar duzula, besterik ez. Zenbat? Ba erori gabe egin dezakezuna, nire kasuan orduko 6 km. inguru. Horrekin ere esfortzu handiegia bada, behar ez nuen tokian sartu naiz, errepidea ez dago ondo edo halakoren bat. Bestela, pazientzia.
Noski, lau karril eta hiru metroko artzena dituen errepide zuzen-zuzena askoz gogorragoa da psikologikoki, askoz geldoago zoazela ematen baitu.
Aldapan behera edo ordekan, aldiz, motorrean zoazela dirudi, inertziarekin haizearen eragina gutxiago igertzen baita. Hori bai, beti egon behar zara prest bihurgunearen ondoren gorantzako aldaparekin topo egin eta berriro orduko 6 km.-tan jartzeko.
Errepide motak bizikletan eragin dit hanketan eta ipurdian baino gehiago. Leon aldeko pistak -meloiak bezelako harriz josita-, eta Portugal ipar kostaldeko adokinatuek urteak jan dizkiote parrillei -alforjen euskailuei-, eta pedal bat koipeztatu behar izan nuen, baina bestela bizikleta tanke bat da, poz pozik nago berarekin.
Gauza berezi bat suertatu zitzaidan Leonen. Pistetatik, beti suertatzen zitzaidan garbiago bidearen ezkerreko aldea. Psikologikoa izan zitekeelakoan ibili nintzen, baina ez zen nolabaiteko gehiengoa, ia beti baizik! Hor geratu zait misterioa. Ideiarik?
Beraz, laburbilduz, eta inor gutxietsi gabe, esango nuke hau dela bidaian zehar orain arte egin dudan lagunik onena: