Sahel, Saint Louis

Senegaleko kostaldean azkenik patxadaz idazteko astia daukat.

Nouakchottetik Toubarainoko argazki gehienak telefonoarekin batera galdu zirenez, lagunek utzitakoekin beteko dut bidalketa hau. Eskerrik asko, Olga eta Zak!

Sahara basamortua ni baino motelago baina tematiago doa hegoalderantza. Honez gero, Mauritaniako hiriburutik kilometro batzuk jaitsi behar dira Saheleko landareak ikusteko.

Arbola handiagoen faltan, ahuntzentzako etxolak dira babeslekurik errazena. Ehundaka daude hutsik errepidearen ertzetan, ez dakit aldi baterako ala behin betiko.

Tarteka, zelai berdeak eta zuhaitz talde handiagoak ere ikusi daitezke, jaima txuri bakanekin.

Herrialdearen hegoaldeko herrixketan asfaltoaren zain daude. Bertaraino, arrakala ugari; bertan, hondarra, txabolak eta Afrika beltzetik aspaldi etorritako familia ugari.

Azkenaurreko gau mauritaniarra. Hilabete beranduago, bertan bildutako hazi itsaskorrak agertzen zaizkit oraindik kaltzontziloetan itsatsita.

Diamako muga Rossokoa baino askoz errazagoa omen, eta berrogei kilometroko pista geratzen da Senegalen sartzeko. Hegaztiak, narrasti erraldoiak eta fakokeroak errepidea zeharkatzen. Monzoi garaian amesgaiztoa izan behar du hemen pedaleatzeak, baina orain zoragarria da.

Mugako diru berria patrikan, Saint Louisera. Hirigunea eta zubiz lotutako bi irla. Arrantzontzien inguruan ahaztu ezinezko ahuntz, zabor eta jende piloa dabil. Auto zaharren keak ilundutako arratsalde laranjan, ontzi bakoitzak bandera erraldoia darama muturrean. Japonekoa, piratena edo naziena, ikurrina ere akaso hortik dabil. Kasko gehienek Barçaren ezkutua daukate margotuta.

Faidherbe zubia. Eskuetan, beinea (frijitutako orea) eta espeziadun touba kafea.

Pedrok Hahatay elkarte/egoitzaren erreferentzia eman zidan, hegoalderago. Bertan bolondres zebiltzan bi lagun Saint Louis ezagutzera etorri ziren eta egun pasa polita egin genuen. Hurrengo bidalketan elkartean pasatako egunei buruzkoa izango da.

Olga Soriarra eta Yauci Kanariarra, oporretan ere laguntza behar duten proiektuen bila.
Hirian ere zaila da argazki bat ateratzea ahuntzen bat tartean sartu gabe.
Bizikleta eta motorrak konpontzeaz gain, tailer honen jabeak sekulako artelanak egiten ditu soberakinekin.
Agian ohituta gaude trafiko artean bizikletan ibiltzera, baina hemengo autobus eta taxi pilarekin ez da erreza. Egia esan, oinez ere oso adi joan beharra dago.

Olgak bere superkamerarekin egindako beste argazki batekin itxiko dut hau, orain artekoak beste bi bidalketan argitarateko asmoz. Muak!

Agur, Saint Louis.

Arazo teknikoak

Kaixo! Bidaia zoragarri doa, baina Saint Louisen telefonoa galdu nuen eta gaur arte ez dut beste bat erosi. Etxeko sim txartela ere galdu nuen eta mezularitza aplikazioetan ezin izango naiz momentuz lehengo zenbakiarekin sartu. Irrika daukanak bidali beza email bat eta kontaktatuko dut nik.

Ahal dudanean prestatuko dut orain artekoaren laburpentxo bat, lagunek ateratako argazkiekin bada ere. Momentuz besarkada eta patxo pila danoi đŸ˜‰