Mauritania

Nouakchotterainokoa elkarrekin egin ondoren, Pedrok aurrera egin zuen eta ni bertan geratu naiz egun batzuk atseden hartzen. Kilometro asko pilatu genituen egun gutxitan eta Mauritania astiroago bizi nahi nuen Senegalera iritsi aurretik.

Mendebaldeko Saharako azkenengo etapa.

Ibilbide hau prestatzen denean, toki batek arreta berezia piztu ohi du: Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko muga. Hemen ere abentura maila dexente apaldu da azkenengo urteetan. Lapurretak eta korrupzioa ez dira eguneroko gaia eta asfaltatu gabeko zatia ez da luzeegia.

Kandahar. Uste genuen bertako auto pila mugaldeko istorio beltzen ondorio zela. Ba ez. Mauritaniara auto oso bat sartzea baino askoz merkeagoa omen da piezatan sartzea, eta horregatik uzten omen dituzte bertan autoskolak (oskolak, ez eskolak).

Hala ere, deserosoa bezain kilikagarria izaten jarraitzen du gune honek. Guk ikusten ez badugu ere, badakigu Polisarioa begira dugula. Ofizialki inorena ez den lurralde honek biztanle tematiak dauzka.

Aurrerago ikusi genituen Nazio Batuen autoak espero genituen bertan baina, esan digutenez, toki erosoagoetan pasatzen dute denbora.

Mauritanian sartzeko, pazientzia. Presa bidailagun txarra da paperak egiteko eta paperak trukatzeko. Gure dirhamen truke ougiya handiegiak eskaintzen zizkigun agurea ez zegoen han mesederik egiteko. Bi urte dira herrialdeko dirua aldatu zutela, eta berriaren nominala 10 aldiz txikiagoa da. Eskerrak begiratuta geunden!

Mugatik 15 kilometro hegoaldera, Zouerate-Nouadhibou, “burdinaren trenbidea”. Trenari ia berrehun bagoi zenbatu nizkion.

Ougiyen kontua dibertigarria da. Ia jende guztiak lehengo dirutan hitzegiten du -500 eskatzen dizkizutenean 50 eman behar dira, trukean 1,25 euro-, baina noiz edo noiz inork prezio berria esaten dizu. Adi ibili!

Herrialde osoko bidegurutzerik garrantzitsuenetako bat: Mendebaldeko Sahara Iparraldera, Nouadhibou mendebaldera eta Nouakchott ekialdera (laster hegoaldera). Polizia bat, dendatxo bat eta farwestekoa dirudien gasolindegi itxi bat. Trenak harezko laino hori uzten du denbora luzez.
Mauritaniako lehenengo afaria. Zein goxoa dagoen dena emozioz betetako egun baten bukaeran.
Lagunari motoa izorratu eta bakarrik zihoan italiar hau. Afrikan arazo mendebaldarrek beste dimentsio bat daukate, bai teknikoki bai psikologikoki.
Herrialde honetan jaimak dira lotarako toki arrunta. Batzuk diru-truk, besteak publikoak. Bidaiari gehienek ordu asko egiten dituzte bidean eta akaso gazte koadrilla batek jaima bat beharko du goizaldeko hiruretan, bertan te batzuk prestatu eta lozorroa egin aurretik ordu eta erdiz elkarrizketa bizi bat izateko, bertan dauden bi giriei arretarik egin gabe.

Egun batzuetan zehar, errepide bakartia eta harean sakabanatutako etxola solteak besterik ez. Jende gutxi, ahuntz batzuk eta haizea nahi baino gurutzatuago. Ta halako baten, Chami, Afrika mendebaldeko “urrearen hiria”, duela oso urte gutxi sortutakoa.

Marokoko hirigune batzuetako mugimendu bera baina hondarrez apainduta. Agian horrek ematen dio itxura txiroagoa, baina bestela antzeko gauzak aurkitu daitezke hemen antzeko prezioetan. Aspaldiko partez, fruituak ere bai.

Bazkalondoren Pedrok aurrera egin eta ni Fadilen jatetxean geratu nintzen, alboka erakustaldi laburra egin eta Ahmed, Mohammed eta beste batzuekin berriketan. Ia aldi berean ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta portugesez, herrialdearen inguruko azalpen asko eman zizkidaten.
Jatetxearen ormetako batean marrazki hau zegoen. Polita, ezta?

Chamitik Nouakchottera arteko 260 kilometroak bi egunetan egin ala ez erabaki behar nuen, larunbatean irakasle batzuek egingo zuten jaitxo pribatu batera gonbidatuta geundelako. Berriro ere ametsetan, zer egingo zaio ba. Luzea izan zen baina egin genuen eta merezi izan zuen.

Itsasoa ez dago urrun, baina ez dakit zergatik utziko zuten txanal hau errepidearen ondoan.
Hemen ez dakit astiroago joan ala gurpilez gora.
Azkenik, Nouakchott, bidaiaren beste mugarri bat. Mapan urrunago zirudien.
Mauritaniako hiriburuan luxuzko egoitza suertatu zaigu, David galestarrari esker. Bizikletazaleen sarea bihotz erraldoiz josita dago.
Kostalde hauek arrainez lepo daude, eta Mauritania arrantza-sektorea handitzen ari da. Nouakchotteko portua, ordea, nahiko txikia da eta arrantza tradizionala da nagusi, hondartza parean.
Haur hezkuntzako ikasleen emaitzak eskolaren atearen albo banatan, bi metro eta erdi altuerako paneletan. Posta zerbitzua oso txarra delako izango da, baina hotzikara ematen dit, gurean enpresari batzuek gustora egingo luketelako langileekin.

Hemen urte asko eman dituen espainiar batekin ere une onak pasatzen ari naiz. Antoniok sei Paris-Dakar egin ditu kamioia gidatuz, lau urte bizi izan da belaontzi baten Karibean zehar eta jarduera oso desberdinak dauzka herrialde honetan. Bere zaletasunetako bat hurbiletik ezagutzera eraman nau.

Ni ez naiz motorzalea, baina onartu beharra dago adrenalinaren eta natura basatiaren uztartzea erakargarria dela. Eskerrik asko esperientziarengatik, Antonio!

Duela ordubete ikusi dudan manifestazio batek aukera ematen dit gordeta neuzkan egonezin batzuekin bukatzeko.

Bidaian atera nintzenean, nire “-ismo”en bilduma etxean uzten saiatu nintzen. Ez dut gustuko beste inoren etxean misiolari agertzea eta gai potoloegiak honelako blog baten lantzea arinkeria iruditzen zait.

Baina egon, hor daude, eta esperientziaren parte oso handia dira gainera, beraz justizia apur bat egin nahi diet. Hanka gutxiago sartzeko, aipamen labur-laburrak izango dira.

Feminismoa: Orain arte gehien mindu nauena emakumeen egoera da. Eguneroko bizitzan -elikadura, salerosketak, ospakizunak, aisialdia…- gizonezko bezala “zegokidan” paperean, gehienetan ez dut ia emakumerik ikusi, batez ere Marokon. Erabateko desberdinkeria soziala. Mauritanian hasi naiz aspaldiko partez jarrera irekiagoak ikusten, akaso afrika beltzeko etorkinen eraginez.

Emakumeek pairatzen dituzten biolentzien aurkako egunean, Mauritanian ere mobilizatu dira.

Ekologismoa: Zonalde batzuetan ezik (bereberren lurralde batzuk), Afrika mendebaldean, oro har, zakar guztiak kalera doaz (basamortuak dena irensten omen du). Mauritanian egoera akaso okerrago somatzen dut, ez delako ezeren gaineko kontrolik somatzen -araurik dagoen ere zalantza daukat-. Berriki aurkitu duten gas-poltsaren ondorioz jarduera ekonomikoa bizkortzen ari da eta ez dirudi arau-gabeziak naturari mesederik egingo dionik.

Horrelako erreziklagune ugari daude hirian. Argazkian, organikoaren tratamendua.

Arrazakeria: Bidaia osoan zehar jaso izan ditut ondoko edo urrunagoko biztanleekiko “gomendioak”, aipamen zatarrak edo isiltasun adierazgarriak. Espainiarrak, marokoarrak, bereberrak, sahararrak, mauritaniar “zuriak”, jatorri desberdinetako beltzak…

Orain arte nolabaiteko distantzia geografikoa zegoen batzuen eta besteen artean. Nouakchotten, berriz, elkarren ondoan bizi dira eta kontraste mingarriak ikusten dira lan arloan eta saltokietan. Adibidez, antzeko prezioa dute bazkari senegaldar batek eta kafesne batek. Egoera horretan, ekonomikoki ulergarria izan daiteke kafetegietan ikusiko dituzun senegaldar guztiak -eta burkinarrak, eta ghanarrak, eta kamerundarrak…- kafea zerbitzatzen ikustea eta ez edaten.

Baina jatetxe senegaldarrean ez duzu arabiarrik aurkituko, ez zerbitzatzen ez bazkaltzen. Zergatik ote?

Bihar jarraituko diot bideari, kilometraiak murrizteko asmo berrituarekin. Ea Senegaleraino lau egun ematen ditudan, hiru beharrean ;-p

Agur, Mendebaldeko Sahara

Gogoan geratzeko moduko itsaslabarrak.

Basamortuari ez, baina laster lurralde honi agur esango diogu Pedrok, pedalkide berriak, eta biok. Ikuspegi berdintsuko paisaia izan da kilometro luzeetan zehar, baina pedaleoaren hotsak bakarrik lagundutako une magikoekin.

Dakhlarako bidean marokoarrak eta sahararrak, guztiak eskuzabal bidaiariarekin. Fruituak, ogiak edo olioa, batzuetan lanak izan ditut poltsetan opariak gordetzeko.

Zaintzeko moduko ezer ikusten ez duzun tokietan ere, beti dago norbait gau osoan begirale. Hmaiddouchek bere herriko argan-olioa oparitu zidan.
Eguerdiko eguzkipean pikatxoia eta palarekin jo ta ke, eta bizikletan pasatzen den “geuri”ari animoak eman gainera.

Dakhlara iritsi aurretik, izenik emango ez dudan herrixka bateko sarreran, ohi bezala, gendarmeak. Hasieran nahiago zuten ni aurrerago bidaltzea, baina hemen kontrolatuago egongo nintzelakoan “laguntzailea” etorriarazi eta tira herrira, militarrek, poliziek eta gendarmeek erabiltzen duten polizietxera. Bertan baratze bat daukate, atzerritar hippiek auto herdoilduen artean akanpatu dezaten.

Kostalde osoko tokirik ederrenetako baten, segurtasunaren zaindariek Sauronen dorreak baino ikuspegi hobea daukate herriaren eta hondartzen gainetik.

Bertan beste esperientzia deseroso bat izan nuen. Dutxatu eta akanpatu ondoren, herriko bi dendatxoak begiratzera irten nintzen eta hara, polizi-nagusia bere autoan. Nire segurtasunaren aitzakiaz, harrokeria egin nahi eta giria txabolen artean paseatzen du. Dendatxoaren aurrean geratu eta “Zer behar duzu?”, “Behar, behar… ezer ez.”. Dendako gazteen apuroa ikusita bertatik aldegin nahi eta bi yogur eskatu nituen. “Xux?”, “Waha, xux”. Bost dirhamekoa luzatu eta, gazteen aurpegian, beldurra. “La, la!”. Diruari ezetz???. Atzetik komisarioa, “Ez, ez ordaindu, hau nire herria da, zu gonbidatua zara”. Ezkutuan txanpona utzi eta lotsa galantarekin bukatu nuen gidatutako bisita.

Atsedenaldi biologikoa denez, kostaldeko txalupa gehienak lehorretan daude. Bukatzen denean, Maroko osotik sasoikako langile mordoa etorriko da arrantza-denboraldia egitera.

Pedro egun pare bat beranduago zetorrenez, Dakhla herrian egunpasa bat egin nuen, haizearen kontrako itzulera-etapa bat irabazi arren. Gainera Mohammed, marokoar lagun bat neukan bertan eta bisita agindua nion.

Dakhla penintsularen iparraldeko badia otarrainentzako paradisua omen da. Hegaldien garai honetan, baita kitesurflarientzako ere.

Herrian bertan bainua eroso hartu ahal izango nuela uste nuen, baina hurbil dauden hondartzatxo bakanak ostalaritza pribatuaren eskutan daude, eta besteetara kilometrotxo batzuk egin behar. Alojamendu turistiko pila eraikitzen ari dira penintsularen barnealdeko kostaldean.

Bitxigilez betetako artisautza-gune polita dago herrian.
Badiako arrantzontzi guztiak geldi zeuden, Mahomaren jaiotzaren ospakizuna -Al Mawlid- zela eta.
Portua kostaldetik kilometroterdira dago, zubi batekin lotuta. Itsasontzien argazkia politagoa da, ordea.

Mohammedek, herria erakusteaz gainera, sorpresa galanta eman zidan. Bere alabaren jaiotze-ospakizunera gonbidatu ninduen. Ama, sahararra, bertakoa da. Senide ugari bildu zen bertan. Alboka ere eraman nuen eurek eskatuta, baina azkenean ez nuen jo -aitak lanera bidai luzea egin behar eta ospakizuna luzatu zelako edota nire entsegua entzunda damutu zirelako, inoiz ez dut jakingo zergatia ;-p

Mohammed, sekulako tipoa. Beretzako hain egun berezian arreta handia egin zidan. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

Azkenean elkartu ginen Pedro eta biok. Lau hilabetez bakarrik bidaiatu ondoren, oso gustura hartu dut aldaketa.

Pedalbokaria, Pedro eta Mustafa, El Argoub herrixkako kafetegiko arduradun jatorra. Gure bidaietako gaurik lasaienetako bat pasa dugu bertan.

Pedaleoan, antolakuntzan edo aisialdi uneetan, ederra da aspaldiko partez komunikazio erraza izatea.

Eta beste abantaila bat ere badu. Hemendik aurrera gehiago ikusiko diguzue aurpegia. Ados, batzuentzako ez da abantaila izango, baina honetan amak agintzen du.

Sahara Mendebaldeko azkenengo ostatuan egun batez atseden hartzen gaude eta bihar sartuko gara Mauritaniako Errepublika Islamikoan. Seguruenik Nuakchotetik izango duzue berriz gure berri. Noiz, hori haizeak aginduko du.

Basamortuari berdin zaizkio gizakiaren mugak.

Animo horko eguraldi petralarekin eta muxu asko bion senide eta lagunei!