Ekonomia, denbora eta familia

Pilatutako nekea arintzeko egun batzutako atsedena hartzen ari naiz Goi Atlaseko herrixka baten. Egoera baliatuz, inolako oinarri zientifikorik gabeko disertazio bat eskainiko dut, atzeratutako argazki batzuk argitaratzeko aitzakia gisa.

Paisaiak miresteaz gain, bizikletan ordu asko dauzkazu tontakerietean pentsatzeko. Atzean, Azrou.

Dirua kontzeptu ia unibertsala da, baina era desberdinetan ulertu daiteke.

(Erdi-Atlaseko tximinoek ez daukate diruaren berri, baina sardina lata bat ireki eta berehala etorriko zaizkizu negozio bila.)

Marokon diruaren grina beste edonon bezalakoa da, baina oso zaila dirudi aberastea. Baliabide kontua izango al da edo akaso know-howa falta zaie?

“Europar” ikuspegitik 40 edo 50 urteko atzerapena omen dauka Marokoko ekonomiak. Argazkian, Ain Leuh.

Nire esperientzia urritik beste bi faktore nabaritu ditut.

Batetik, denborari ematen zaion balioa. Demagun X herrialdean denbora “soberan” dagoela. Askok egonean pasatzen dituzte orduak eta iraupenerako zereginez gain ez dago etorkizunerako plan handirik. Ondorioz, saltoki bat edo beste edozein negozio irekitzen bada, funtsean, “zerbait egiteagatik” da, eta alperrik dira “hobekuntza”-rako gure filosofia mendebaldarrak.

Salgai bera eskaintzen duten negozioak elkarren ondoan. Ait Zidekhzinen (argazkian), bospasei, baina hiri handietako medina zaharretan, ehundaka. Bezerorik ezean, ilunabarrari begiratzea denborapasa ederra da.

Baina adi, aurrekoa ikuspegi “okerra” dela iruditzen bazaizu. Badaezpada, emaiogun buelta. Y herrialdean guztiari balio ekonomiko bat ematen zaio -kurioski, baliorik txikiena iraupenerako lanei-, baita denborari ere. Gehienek jo ta su lanean ematen dute denbora eta etorkizunerako planekin betetzen dute burua. Ongizatea ere dirutan neurtzen da eta horretarako denbora bera erosgai garesti bihurtzen da. Zein da orain ikuspegi “zuzena”?

Aghbala herri bereberra. Kafeak, hoteltxoak eta dendatxoak. Hemen ere gendarmeen aparteko interesa nire ibilbidearekiko, honez gero ziur nago zentralean nire agerpenak mapa baten markatuta dauzkatela.

Beste faktorea, familia. Hemen genetikak merkatari peto bat mundura ekartzen duenean, hurbilekoekiko konpromezuek muga jartzen diote diru pilaketari.

Nik ere euskaldun bezala kasbah baten guayarena egiteko konpromezua neukan, ezta, Fermin? Alboka-kasbah-bereber-clash! ;-p

Ondorioz, nik behintzat ez dut aberats askorik ikusten, eta europar itxuradun negozioren baten inguruan galdetu dudanean, europar inbertsoreak aipatu dizkidate. Horren zilegitasuna eta ondorioak beste baterako utziko ditut. Ez horregatik.

Etapa paraleloak

Esan bezala, Feseko Brahim gaztea eta ni primeran konpondu gara, bera autostopez eta ni bizikletaz, toki ezezagunetara parean iristeko. Oso eskertuta nauka, berarekin mugitzea askoz errazagoa izan baitzait bost egunez.

Gainera, berak ikusi nahi zituen toki batzuk ezagutu ahal izan ditut.

Azrouko mendialdean ezkutatutako monastegi kristau-eklektikoa. Inguruko jendea ari da konpontzen eta lan polita egiten ari dira.

Marokoarren abegikortasuna ezagutzen duzula uste duzunean ere, harritu egiten zaituzte. Ibilalditxo batetik oinez itzultzen ari ginela, autostop egin eta aita-semeak bide-bazterrean geratu. Kanpinera bueltan eraman aurretik, beste bi tokitan bisita turistikoa eskaini eta bazkaltzera gonbidatu gintuzten.

Mohammed eta Ilyase aita-semeak, jatorrak, eskuzabalak eta gida bikainak.
Bensmim. Frantsesek tuberkulosiarentzako eraikitako sendategi erraldoia. Istorio interesgarria, baina ni ez naiz gida ona, beraz ez izan alferra eta bilatu interneten.

Lotarako ere oso ondo etorri zitzaidan Brahimen laguntza.

Berak edonon akanpa bazezakeen ere, atzerritar gaitajolearekin giri-friendly tokietan akanpatzea erabaki zuen, bejondeiola! Auberge Lac Ouiouane, eskerrik asko bertako jabeari ere.
Aguelmim Azigza laku turistikoko jatetxe eta dendak. Bertako “legearen arduradunak” ere lasaiago egon ziren nik bertako batekin akanpatuta.

Esperientzia bikaina, beraz, zurekin bizitakoa, Brahim. Zorte on ikasketekin eta kontaktuan jarraituko dugu, noski 😉