Beldurra

Ta orain, bidaia baldintzatzen saiatzen den mamua, beldurra. Argazkirik gabeko bidalketa luzea, baina zuen iritziak sekula baino gehiago eskertuko ditut.

Abenduko atentatuaren ondoren, Marokon alerta ikustezina dago atzerritarrekiko. Esango nuke paranoia kolektiboa dela.

Darkarmuzeko lagunek, bigarren ezkontza baino lehen, identifikazioa eskatu zidaten. Hiru egunez gonbidatua izan ondoren harritu egin ninduen, baina gabaz ulertu nuen zergatia. Goizaldeko bostetan, Ahmed lagunari etxerako keinua egin nionean, ezerezetik bi ezezagun agertu ziren, gaizki disimulatutako poliziak, eta komitiba bitxia osatu genuen herriko harrizko pistetan gora eta behera etxerako bidean, sakelekoen argiarekin lagunduta. Nire segurtasunagatik arduratuta zeuden danak ezagunak diren eta mendian galdutako herrixkan. Hala ere inork ez zidan erantzun argi eta garbi zein zen, zehazki, aipatzen zidaten arriskua.

Gau hartan triste oheratu nintzen, aurrerantzean poliziaren begiradapean bidaiatu beharko ote nuen.

Ba atzo izan zen errematea. Goiz ederra mendiko pista harritsuetan, gosari eta elkarrizketa bikaina auzo galdu bateko denda-taberna galduagoan. Beherago, nekazal-soro zabalak eta herri handiagoak. Lotarako toki komertzialik, bat ere ez. Akanpatzeko tokia internetez aukeratu nuen, beste askotan bezala.

Iluntzean, bertara inguratzen ari nintzela, uniformerik gabeko polizia bidean. Adeitsu, gaba ez dela atzerritarrentzat eta hurrengo herrian lotarako tokia aurkituko didala. Telefonoz, hirugarrenean baietz, norbait zai daukadala herri sarreran, segi beraz.

Bost kilometro gehiago ez eta gendarme autoa atzetik, geratzeko. Adeitsu baita ere, gaba ez dela atzerritarrentzat, akanpatzearena interdit, eta nire segurtasunaren inguruan sekulako erretolika. Honez gero, taburik gabe, burua moztearen keinua, iparraldeko neskei erreferentzia eginez. Eta beste auto bat, eta furgoneta bat, eta beste bat, errepide ertzeko ezkontza bat dirudi.

Nire segurtasunaren alde, azkenik, furgoneta suizida baten hegoalderagoko herri bateko hotelera naramate, artzenik gabeko errepidean, trafikoz, argirik gabeko bizikletaz eta oinezkoz lepo, gabaz, orduko 100 kilometrotik gora, gidariak mugikorra esku baten, zigarroa bestean, segurtasun uhala ez dabil, aurreraketa zoroak… Guztia nire segurtasunaren alde.

Gaur estatistikak begiratu ditut. Terrorismoaren inguruko datuak: 2002tik hona, 3129 atxilotu, 361 sarraski frustratu… Burututako atentatuetan, 64 hildako eta 125 zauritu inguru. Azkenengo bi hildakoak ezik -yihadisten ondoan akanpatu zuten bi neskak-, guztiak hiri handietan.

Aldiz, 2017an bakarrik 227 ziklista hil eta beste 6051 zauritu ziren Marokon, gehienak errepide nagusietan.

Zer da, beraz, ziklobidaiari batentzako seguruagoa, errepide nagusietatik hiriz hiri hotel bila ibiltzea, ala bigarren mailako errepideetan zehar herri txikiak bisitatu eta gabaz basoetan izkutatuta lo egitea?

Gaurko eguna poliziak niretzako aukeratutako hiritxo honetan geratzea erabaki dut, ideiak argitu eta egin nahi dudana erabakitzeko. Uste dut bihar Meknesera joango naizela, nire bideari jarraituz, eta aurrerantzean errepideko nire segurtasuna eta paranoia nazionala uztartzen saiatuko naiz.

Muxu handi bana!

Darkarmuz

Bi esperientzia sakon kontrajarri zaizkit Marokon sartu nintzenetik. Negatiboak positiboa estali ez dezan, sarrera banatan azalduko ditut.

Behe-Atlasaren mendebaldea. Herri txikiak, ia autorik ez eta bidean aurkitzen duzun ororen irribarre zabala.

Lehenbizikoa, Darkarmuz. Errepide ondoko aterpetxoan bazkaria prestatzen geratu eta bost egun eman ditut mendialdeko herrixka honetan gonbidatuta. Maldan sakabanatutako buztinezko etxe txuriak. Barruko patioak, oiloak edonon. egongela-jangela-logela bat, ia altzaririk gabe, alfonbra erraldoia eta banku jarraia hiru ormatan zehar. Ura, iturritik oinez edo astoz. Komuna, porlanezko zorua eta zuloa. Plater beretik danok, ogia koilaratzat.

Partxisa eta arratsalde pasa luzeaek kirol nazionalak dira hemengo gizonezkoentzat.

Guztiak elkarren ezagun, bakoitza da aparteko pertsonaia: hitz batzuk errepikarazita islamera bihurtu nahi nauen imana -Dustin Hoffmanen eta Richard Gereren nahasketa harrigarri bat-, partxisean sutsu aritzen diren gazteak -Khalid, Abdulah…- edo zaindari eta logelakide izan dudan Ahmed, etxeko seme lasaia. Frantsesez ni baino juxtuago dakiten alabak -Faouzia, Wafa- eta lagun handia egin dudan Moad haur madrildartua. Bera itzultzaile, askoz esperientzia aberasgarriagoa izan dira Darkarmuzeko egonaldia.

Nire ondoan, Mnana, erdian Mohammed, eta haien seme-alaba jatorrak. Oso eskuzabalak, inoiz urtebetez izan dute gonbidatu bat etxean, trukean ezer eskatu gabe.

Ni, Andoni edo Dani, geuri (giri) eta haiku (ijito musikaria edo) naiz. Denek begiko hartu naute eta nire kontura barre asko egin arren bihotza ireki didate. Etxe bat ere opari eskaini didate bertan bizitzen geratuz gero. Emaztegaia ere badaukadala uste dut.

Bi ezkontza behar izan ditut hemengo ohitura batzuk ezagutzeko. Ezkontzak erromeria modukoak dira. Musikariak frentean eta herritarrak inguru zabalean, zoruan, aulkietan. Goxokiak eta alkoholik gabeko edariak erosteko mahai pare bat. Aparteko karpa baten, mahaiak, unea denean nahi duena bertaratu eta ateratzen diren bizpahiru plateretatik nahi -edo ahal- beste jateko. Beste uneren baten, erritual berezia eta gizonezko ezkongaiarekin aparteko dantzaldia.

Nire dantzatzeko era asko gustatu zaie antza, denek dantzatu nahi zuten nirekin eta senargaiaren borobilean luze euki naute.

Bitxiena, diruaren unea. Azkenengo dantzaldiaren aurretik aparteko zeremonia egiten da, gizonezko ezkongaia eta beste senide batzuk mahai inguruan eseri eta mikrofonodun aurkezleak ozen eta banan banan eskerrak ematen dizkie dirua jarri dutenei. Izena, kopurua eta agurra, formula berdintsuaz baina txantxetarako betarekin. Ondoren, emandako dirua erretilu handi batera botatzen du.

Lehenbiziko ezkontzan ez nuen egoera ulertu, eta dirurik jarri ez nuenez -aparteko gonbidatua nintzela ulertarazi zidaten- modu bitxian eraman ninduten lagunek etxera bueltan. Bigarrenerako adi nengoen eta, entzundakoak entzun, dirua jartzearekin tematu nintzen. Ehun dirham edo hamar euro. Ondorioa, aurkezlearen omen berezia, herri osoaren barreak eta dantzaldi konpletoa. Inoiz marokoar ezkontza batera gonbidatzen bazaituztete, egin oparia zalantzarik gabe.

Une oro nahi beste hurbildu zintezke, bertatik bertara grabatzeko, oso zeremoniatsua baina herrikoia.

Hemen ondo bizitzeko landare miragarria landatu behar omen da. Diskrezioagatik ez dut gehiago aipatuko, baina ni bezalako xaloa izanda ere horren eragina nabarmena egin zait.

Ia bi hilabete hauetan hiru aldiz sentitu dut nonbaitetik urruntzen ari nintzela. Bata, amaren etxetik bizikletaz abiatu nintzenean; bigarrena, ferryan penintsula utzi nuenean; hirugarrena, Darkarmuzetik atera eta hurrengo kilometroetan. Oso aberasgarria izan da euretako bat izatearen ametsa.

Hala ere ez dut kutsu idiliko batekin bertako gazteen egoera latza ezkutatuko. Langabezia eta egoera ekonomikoa benetan gogorrak dira jarduera ilegalik izan nahi ez duenarentzat eta askok bizitza behin baino gehiagotan arriskatzen dute ziurtasunez atzerriratzeko dirua bildu ezinik. Oso ohitura handia dago, baita ere, dauzkazun gauzen truke zenbat ordaindu duzun galdetzeko. Hala ere, horrek guztiak ez du iluntzen haien bihotz zabala.