Zatitxoak galtzen

Portugalen bizikleta zatitxo bat geratzen da. Eskerrak astiro nihoan, bestela ostixe galantie izango zan.

Bizikletan alboka eraman nahi ez baduzu, jakintzazu bizikletarekin akordeoia jo daitekeela.
Ez da blog baterako argazki txukunena, baina tira. Ta ez, ez dakit guardabarros bat nola erreziklatzen den.

Bestela, ba Ourensen geratu zirela azkenengo elizatxo babesleak. Pontevedran bunkerrak dira, eta Portugalen errezatzeko bakarrik eraikitzen dituzte -harrigarria-. Ingurua ere turistikoagoa, eta etxe pribatuz josita. Horregatik iluntzea estresanteagoa izan ohi da.

Kurioski, oraindik ez dut ikusi portugaldarrik urik edaten. Hondartza erraldoian iturri ñimiño bakarra, hamar minutu eman nituen botilak ta zorroa betetzen, ta inortxo ez zen inguratu. Tira, bai, tipo bat txakurraren bizkarra bustitzera. Hark ere ez zuen edan!

Lagun zaharrak

Lagun berriak ezagutzeak poza ematen badu, zaharrekin atseden hartzeak ez du preziorik.

Lagun minekin elkartuta, bideak zentzu gehiago hartzen du.

Leonetik nihoala jaso nuen Vilanova de Arousarako gonbidapena. Astorgatik beherako plana baztertu eta Pontevedrara inguratu nintzen. Pilatutako nekeak arindu nituen, azkarregi iristea komeni ez eta etapa laburragoak eginda.

Txabi, Maider, Eneko, Eukene eta Leixurekin urtebetetze zoragarria pasa dut Arousako paradisuan, irten nintzenean espero ez nuen ospakizun bikaina. Eskerrik asko, familia!!!

Blog berri baterako ideia ere sortu zen bertan: albokayak!

Berriro bidean, lehenengo kilometroetan faltan botatzen dira etxeko erosotasunak, baina denbora gutxi behar izaten da egunerokoarekin burua betetzeko: ura, janaria eta lotarako lekua, ez dago besterik. Orain, Portugalera sartzear euria noiz geldituko zain.