Entsegurako toki bila

Gaur Bilbotar batzuekin bazkaldu dut. Hilabete luze honetan alboka bat zer den dakiten lehenbiziko lagun berriak. Ala ez…?

Portugaleko herrixka honetatik behintzat pasatu izan da beste albokariren bat.

Albokaren tinbre “sarkorrak” mugatu egiten du lasai praktikatzeko tokien kopurua. Hala ere, paraje bakartiak ditudanez gustokoen, ia egunero topatzen dut txokoren bat.

Eguerdi partea, beroena, baliatu ohi dut apartatutako toki baten eseri eta partiturak ateratzeko.

Portugal barnealdean, abuztuan, itzal handiko musikariek bakarrik bizirauten dute.

Galiza-Portugaleko kostaldean bakarrik egon nintzen egun batzutan jo gabe.

Kontuz! Lehenengo 12 itsas-milietan debekatuta dago hondakinak botatzea eta alboka jotzea.

Badirudi banoala apur bat hobetzen. Ea Marokon jendearekin apur bat jolasteko lain ikasten dudan oraindik. Orain arte behintzat inork ez du kexatzen etortzeko adorerik izan.

Portugalen badaude alboka-friendly herriak ere bai.

Belaunak dio mus

Herenegun eskuineko belauna puztu zitzaidan, ezin pedaleatzeraino. Bestea ere kargatuta daukat, beraz nahiko argi daukat gainkarga dela eta laster pasako dela. Kalkuluak atera ditut eta kilometro gehiegitxo egiten ari nintzen, beraz erritmoa jeitsiko dut aurrerantzean.

Zorionez, arazoa suertatzearekin batera hemen bizi den artista bat ezagutu nuen eta inguruak erakusteaz gainera bere etxean atseden hartzeko aukera izan dut.

Eskerrik asko, Fernando! Plazer bat izan da zurekin denboratxo hau ematea.

Gaur inguruko kanpin baterako asmoz atera naiz, baina bidean Fernandok aipatu zidan tren geltoki zahar zoragarri batekin egin dut topo. Uste dut bertan geratuko naizela egun bat edo bi, inork ezer esaten ez didan bitartean.

Soroen artean ahaztutako geltoki zaharra. Geratzera gonbidatu nau berak ere, zorioneko nabil.

Eguneraketa: Geltokia toki bikaina zen, baina gustatu ez zitzaidan zerbait ikusi nuen eta ondoko kanpaleku batera joan nintzen. Bertan hiru gau pasa eta belaunari atsedena eman diot.