Zuzen-zuzen

Agadirrerainoko azkenengo egunak oso kilometrotsuak izan ziren. Buruan muga bat sartzen denean, hankak tematu egiten dira eta ehun kilometrotik gorako etaparen bat ere egin nuen, lautadak lagunduta.

Paisaiak, aldakorrak. Basamortu peto-petoan argazkirik ateratzea alperrik zen, objektiboa handitasunean galduta. Azkenengo txanpa, berriz… Ba irudikatu Bilbo-Galdakao errepidea ehun kilometrotan zehar eta esan ea gelditzeak merezi ote duen.

Kamerak ezin duena, irudimenak egin beza. Jatetxe galdu bat 1000 metrotik gorako lautada amaigabearen erdian.

Agadir hiri handia izanik, normalean saihestu egingo nuen, baina baneuzkan bertan egiteko hiru gauza. Bi, posta bulegoan, eta, bestea, Espainiako kontsulatuan. Presaka zabiltzaten hurrengoan, begiratu egutegia, iritsitakoan memelo aurpegirik ez jarri behar izateko.

Polita, ezta? Garaiko arkitekto ospetsuren batek egina baina, asteburuetan, itxita. Eta kontsulatua, zer esanik ez.

Hiru gauza esan ditut, ohi bezela osasuna ahaztu dudalako. Agadirren ere osasun-turismoa egin nuen, aspalditik nekarren eta oraindik guztiz konpondu ez dudan arazotxo batengatik. Horren argazkirik ez duzu nahi. Konponbideak hasiera trumoitsua izan zuenez, lau egun eman nituen azkenean bertan.

Egia esan itsatsitako herri baten hartu nuen ostatu, Marokoko merkataritzagunerik handienetako baten ondo-ondoan. Lotsa ematen dit jende artean argazkirik ateratzeak, baina zinez edozer bururatu eta seguruenik bertan aurkituko duzu.

Fruituak, oiloak, komunak eta kamioiek etengabe ekartzen dituzten zakarretatik berreskuratutako trasteak, ehundaka pasabide tematiko osatuz.

Egindakoak eginda, azkenean sartu nintzen norabide (ia) bakarreko bidean. Hemendik aurrera itzuli nahi izanez gero, egindakoa desegin behar. Horrek eta itsasoak eman didate Senegalera pausuz pausu hurbiltzen noanaren irudikapen bizia.

Ez, ez da Okinawa, Agadirreko hondartza baizik. Atlantikoaren ongietorria Oporto inguruan elkar agurtu genuenetik.

Agadirretik beherakoa (mezu subliminala) kostaldetik egin ezinik, arrapaladan egin nuen barnealdeko tarte hori. Izan ere, atzotik ari naiz orduko gainesfortzu hori konpontzen.

Bidean, aspalditik ikusi gabeko berdetasuna. Taroudant eta Souss-Massa (argazkian) dira Maroko hegoalde osoa elikatzen duten baratzak.

Kostaldeko bidea, berriz, Euskal Herrikoa bezain hanka-apurtzailea. Xaxa ondo estutu eta pazientziarekin jo behar. Ahultasunak erraz konpontzen dira bertakoen eskuzabaltasunari esker. Errebueltaren ondoren kafetegirik ez badago, ezerezetik agertzen dira etxebizitza bat, gosari bat eta bertako kontakizunak. Eskerrik asko, Zlem Ahmed.

Orain lozorroan dagoen gune turistikoa, ala hilabete pare batez ametsetan bizi den kostalde umil eta lasaia?

Ur edangarria, errepidean zehar ugari omen dago (nik ez dut behar izan), baina paisaian ez da askorik igertzen. Ageri-agerian dagoena higiezinen merkatua da.

Paradisua lurrean, esku-eskura. Zeren zain zaude? Bertako askok arbasoengandik jasotako lurrak salduz eraiki dituzte euren etxebizitza apalak.

Garai honetan ez dago turismorik. Bizikletero zororen bat eta bikote frantziar edo alemaniar bat karabanan, han edo hemen.

Europar jubilatuek abentura motorizatuak atsegin dituzte oro har. Taznakht.

Hemen kostaldeko herrixketako argazki pare bat gehiago.

Aglou. Bertako kanpin hutsean prezio zoroa eskatu zidaten eta hotelean, oso jator, gehixeagoren truke primerako gela utzi zidaten. Orain arte bizpahiru hotel portatu dira bereziki ondo nirekin, bidai luzean aritzeagatik. Bestela erregateoan ibili behar, baina bidaiari bakartiarentzat bikoteentzat baino garestiago beti.
Ez nago ziur herri hau zein den. Sidi Ifnirako bidean.

Gaur, Sidi Ifnin atseden hartzen, etxeko arazotxoek estaltzen dute apur bat zerua, baina uste dut orokorrean ondo aukeratu dudala bidea eta datorrena datorren bezala hartzeko animoarekin nago.

Tio Felixi eskainitako argazkia, Sidi Ifnin egin baitzuen soldaduska. Animo, osaba!

Alboka ere berreskuratu dut aspaldiko partez, eta digitaziorako erabaki irmo bat hartu dut. Hurrengoan akaso azalduko dut hobeto, baina, orokorrean, edozein tonalitatetarako digitazio bera erabiltzea da, eskuineko hatzamar tontoa tonalitatearen oinarrizko notarentzako izanik. La dorikoa jo nahi dudan aldietan, saiatuko naiz hatzamar txikia erabiltzen.

Txapa teknikoaren ondoren, argazki lasaigarri bat, eta hurrenarte!