Tinguir, interludioa

Tinguirreko egonaldia baliatu dut nire albokaren azalpen batzuk prestatzeko, audio eta guzti.

Aurretik, herriaren argazkitxo batzuk.

Lehenbizi eskerrak eman nahi dizkiet Mustafa eta Abdul anaiei. Tamtattouchteko aterpean benetan familiakoa banintz bezala tratatu ninduten.

Hiri txikia da berez Tinguir, baina hogeitapiku kilometro luzeko palmondo-sailaren ondoan auzo ugari daude. Uraren magnetismoa.

Todra haitzartean hasi eta basamortuan galtzen den paradisu berdea. Karga-karga eginda doazen asto eta emakumeek agian ez dute hain ikuspegi idilikoa.
Judutar auzo zaharrean ere lasai paseatu daiteke, motor bat abiada bizian ez datorrenean. Blogaren zuzendari teknikoak esan beza zein penitentzia egin behar dudan argazki bertikala jartzeagatik.

Gainerakoan, tailerrez jositako hiri zaratsua da eta kosta egiten da arnas hartzea lehortasunaren eta kutsaduraren ondorioz. Arratsalde batzuetan sartzen den hare-ekaitzak ere ez du laguntzen.

Eta giriekin batera, giri ehiztariak. Hau da euren ehizagune gogokoena.

Orain bai, alboka.

Ossesek alboka estandarizatzeko lan bikaina egin du materialekin eta diseinuarekin. Ondorioetako bat tonalitate desberdinetako (eta aldakorretako) albokak dira. Hurrengo azalpenak ulertzen ez badituzu ere, grabazioen arteko desberdintasunak nabaritzen saiatu zaitezke.

Etzazue argazkirik atera tartean haizea eta arantzak daudenean.

Alboka tradizionalak (La-Sol) La notatik hasi eta goragoko Fa# edo Sol notarainoko notak ditu. Hau da, La-Si-Do-Re-Mi-Fa#/Sol eskala dauka (Sol nota Fa#ri gogor putz eginda lortzen da). Nota hoiekin somatzen dugun tonalitate edo testuinguruari (tristea, Erdi Arokoa…) doriarra deitzen zaio. Kasu honetan La notan hasten da (La doriarra, beraz) baina edozeinetan hasi zitekeen, noten arteko distantzia mantenduz gero.

Alboka tradizionalari dagozkion notak.

Nirea Sol-Sol alboka da, tradizionalari beheko Sol gehitzearen ondorioa. Goiko Solarentzako ere aparteko zuloa dauka azpiko aldean.

Alboka tradizionalari beheko Sol gehituta (La doriar eskalako zazpigarren nota). Tonalitate bera da, baina gehiago igertzen da “Erdi Arotasuna”, zazpigarren nota hori baita tonalitate doriarrari bere kutsua ematen diona.

Horrez gainera, nire albokak tarteko notak tono erdi igo edo jeisteko gomak dauzka. Hori eginda eskala eta tonalitate desberdinak jo daitezke alboka berarekin.

Tonalitate mixolidiarra, dorikoaren bertsio alaia, handitasuna adierazten du. Hemen, Lan oinarrituta.
Tonalitate frigiarra, misteriotsua, aztoragarria, inguru honetan entzuten da noiz edo noiz. Kasu honetan ere, La oinarri hartuta.

Maior tonalitate ezagunean (Pintto-Pintto haur-kantarenean) jo nahi badugu, alboka tradizionean oso mugatuta gaude. Do maior eskala erabili behar, baina zoratu egingo gara Fa# notaren zulotik batzutan Fa (zulo erdia estaliaz) eta beste batzuetan Sol (putz asko eginaz) ateratzeko. Sol-Sol albokarekin, berriz, eskura dauzkagu bi Solak eta, gomatxo bat igota, Fa egonkor bat.

Pintto-Pintto. Maior tonalitatea Don oinarrituta (Do maior).

Goiko notekin behekoekin baino gehiago jolastu nahi bada, Sol notan oinarritu dezakezu aukeratutako tonalitatea. Jarraian hasierako hirurak baina Solen oinarrituta.

Hau dorikoa da baina Solen, alboka tradizionalari nota guztiak tono bat jeitsiko bagenizkio bezala.
Tonalitate mixolidiarra berriro ere, baina Solen oinarrituta. Maiorraren antzekoa da baina Erdi Aroko ikutu batekin.
Hemen Sol maiorri dagozkion notak. Pintto-Pinttoren tonalitatea baina lehen baino bi tono eta erdi beherago. Maiorra oso erabilia da gurean, Alaitz eta Maiderren abesti alai guztiak (gehienak?) kasu.

Esperimentatzea ere oso dibertigarria da, noski.

Solen oinarrituta baita ere, Tamtattouchten ederki pasa dugu djenbeekin lagunduta. Jolasten aurkitu nuen baina oraintsu gogoratu dut tonalitate honi minor harmoniko deitzen zaiola. Kutsu arabiarra dauka, ezta?

Jotzeko orduan, tonalitate bakoitzarekin hatzamarrak era desberdinean jarri behar dira, baina, behin kokatuta, egin beharreko mugimenduak berdinak dira. Pianoan bezala, beraz, baina errazago.

Arazo larriagoa izan daiteke zulo bi elkarrengandik oso hurbil daudenean eta hatzamar lodiak baldin badituzu. Nik nahiko finak dauzkat eta batzuetan juxtuan konpontzen naiz, baina agian praktika kontua ere izango da.

Kontuz esperimentazioarekin!: hau tonalitate goi-valyriarra arin-arin erritmoan jotzen saiatu zen. Txantxa da, nire eskua da eta antzekoa izan da beti.

Digitaziorako, funtsean, bi aukera daude: 1-alboka arruntarena erabiltzea gehi eskuineko hatzamar txikia, ala 2-Eskuineko hiru hatzamarrak zulo bat beherago jarri (azkena ere estaltzeko) eta ezkerreko hatzamar “tontoa” ere erabiltzea. Ni ere apur bat tontoa naiz eta oraindik ez dut erabaki.

Ondorioz, albokarekin tentatuta bazaude eta oso tradizionalista ez bazara, nota aldakorreko alboka aukera bikaina da. Aldiz, joko duzun bakarra betiko errepertorioa bada, hobeto alboka arrunta, nireak adarraren puntan (puntaren puntan) gehiago pisatzen baitu (luzeagoa delako).

Edonola ere, helburua gozatzea da, txiruliruli, txiruliruli.