Senegaleko kostaldean azkenik patxadaz idazteko astia daukat.
Nouakchottetik Toubarainoko argazki gehienak telefonoarekin batera galdu zirenez, lagunek utzitakoekin beteko dut bidalketa hau. Eskerrik asko, Olga eta Zak!
Sahara basamortua ni baino motelago baina tematiago doa hegoalderantza. Honez gero, Mauritaniako hiriburutik kilometro batzuk jaitsi behar dira Saheleko landareak ikusteko.
Tarteka, zelai berdeak eta zuhaitz talde handiagoak ere ikusi daitezke, jaima txuri bakanekin.
Herrialdearen hegoaldeko herrixketan asfaltoaren zain daude. Bertaraino, arrakala ugari; bertan, hondarra, txabolak eta Afrika beltzetik aspaldi etorritako familia ugari.
Diamako muga Rossokoa baino askoz errazagoa omen, eta berrogei kilometroko pista geratzen da Senegalen sartzeko. Hegaztiak, narrasti erraldoiak eta fakokeroak errepidea zeharkatzen. Monzoi garaian amesgaiztoa izan behar du hemen pedaleatzeak, baina orain zoragarria da.
Mugako diru berria patrikan, Saint Louisera. Hirigunea eta zubiz lotutako bi irla. Arrantzontzien inguruan ahaztu ezinezko ahuntz, zabor eta jende piloa dabil. Auto zaharren keak ilundutako arratsalde laranjan, ontzi bakoitzak bandera erraldoia darama muturrean. Japonekoa, piratena edo naziena, ikurrina ere akaso hortik dabil. Kasko gehienek Barçaren ezkutua daukate margotuta.
Pedrok Hahatay elkarte/egoitzaren erreferentzia eman zidan, hegoalderago. Bertan bolondres zebiltzan bi lagun Saint Louis ezagutzera etorri ziren eta egun pasa polita egin genuen. Hurrengo bidalketan elkartean pasatako egunei buruzkoa izango da.
Olgak bere superkamerarekin egindako beste argazki batekin itxiko dut hau, orain artekoak beste bi bidalketan argitarateko asmoz. Muak!