Agur, Mendebaldeko Sahara

Gogoan geratzeko moduko itsaslabarrak.

Basamortuari ez, baina laster lurralde honi agur esango diogu Pedrok, pedalkide berriak, eta biok. Ikuspegi berdintsuko paisaia izan da kilometro luzeetan zehar, baina pedaleoaren hotsak bakarrik lagundutako une magikoekin.

Dakhlarako bidean marokoarrak eta sahararrak, guztiak eskuzabal bidaiariarekin. Fruituak, ogiak edo olioa, batzuetan lanak izan ditut poltsetan opariak gordetzeko.

Zaintzeko moduko ezer ikusten ez duzun tokietan ere, beti dago norbait gau osoan begirale. Hmaiddouchek bere herriko argan-olioa oparitu zidan.
Eguerdiko eguzkipean pikatxoia eta palarekin jo ta ke, eta bizikletan pasatzen den “geuri”ari animoak eman gainera.

Dakhlara iritsi aurretik, izenik emango ez dudan herrixka bateko sarreran, ohi bezala, gendarmeak. Hasieran nahiago zuten ni aurrerago bidaltzea, baina hemen kontrolatuago egongo nintzelakoan “laguntzailea” etorriarazi eta tira herrira, militarrek, poliziek eta gendarmeek erabiltzen duten polizietxera. Bertan baratze bat daukate, atzerritar hippiek auto herdoilduen artean akanpatu dezaten.

Kostalde osoko tokirik ederrenetako baten, segurtasunaren zaindariek Sauronen dorreak baino ikuspegi hobea daukate herriaren eta hondartzen gainetik.

Bertan beste esperientzia deseroso bat izan nuen. Dutxatu eta akanpatu ondoren, herriko bi dendatxoak begiratzera irten nintzen eta hara, polizi-nagusia bere autoan. Nire segurtasunaren aitzakiaz, harrokeria egin nahi eta giria txabolen artean paseatzen du. Dendatxoaren aurrean geratu eta “Zer behar duzu?”, “Behar, behar… ezer ez.”. Dendako gazteen apuroa ikusita bertatik aldegin nahi eta bi yogur eskatu nituen. “Xux?”, “Waha, xux”. Bost dirhamekoa luzatu eta, gazteen aurpegian, beldurra. “La, la!”. Diruari ezetz???. Atzetik komisarioa, “Ez, ez ordaindu, hau nire herria da, zu gonbidatua zara”. Ezkutuan txanpona utzi eta lotsa galantarekin bukatu nuen gidatutako bisita.

Atsedenaldi biologikoa denez, kostaldeko txalupa gehienak lehorretan daude. Bukatzen denean, Maroko osotik sasoikako langile mordoa etorriko da arrantza-denboraldia egitera.

Pedro egun pare bat beranduago zetorrenez, Dakhla herrian egunpasa bat egin nuen, haizearen kontrako itzulera-etapa bat irabazi arren. Gainera Mohammed, marokoar lagun bat neukan bertan eta bisita agindua nion.

Dakhla penintsularen iparraldeko badia otarrainentzako paradisua omen da. Hegaldien garai honetan, baita kitesurflarientzako ere.

Herrian bertan bainua eroso hartu ahal izango nuela uste nuen, baina hurbil dauden hondartzatxo bakanak ostalaritza pribatuaren eskutan daude, eta besteetara kilometrotxo batzuk egin behar. Alojamendu turistiko pila eraikitzen ari dira penintsularen barnealdeko kostaldean.

Bitxigilez betetako artisautza-gune polita dago herrian.
Badiako arrantzontzi guztiak geldi zeuden, Mahomaren jaiotzaren ospakizuna -Al Mawlid- zela eta.
Portua kostaldetik kilometroterdira dago, zubi batekin lotuta. Itsasontzien argazkia politagoa da, ordea.

Mohammedek, herria erakusteaz gainera, sorpresa galanta eman zidan. Bere alabaren jaiotze-ospakizunera gonbidatu ninduen. Ama, sahararra, bertakoa da. Senide ugari bildu zen bertan. Alboka ere eraman nuen eurek eskatuta, baina azkenean ez nuen jo -aitak lanera bidai luzea egin behar eta ospakizuna luzatu zelako edota nire entsegua entzunda damutu zirelako, inoiz ez dut jakingo zergatia ;-p

Mohammed, sekulako tipoa. Beretzako hain egun berezian arreta handia egin zidan. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

Azkenean elkartu ginen Pedro eta biok. Lau hilabetez bakarrik bidaiatu ondoren, oso gustura hartu dut aldaketa.

Pedalbokaria, Pedro eta Mustafa, El Argoub herrixkako kafetegiko arduradun jatorra. Gure bidaietako gaurik lasaienetako bat pasa dugu bertan.

Pedaleoan, antolakuntzan edo aisialdi uneetan, ederra da aspaldiko partez komunikazio erraza izatea.

Eta beste abantaila bat ere badu. Hemendik aurrera gehiago ikusiko diguzue aurpegia. Ados, batzuentzako ez da abantaila izango, baina honetan amak agintzen du.

Sahara Mendebaldeko azkenengo ostatuan egun batez atseden hartzen gaude eta bihar sartuko gara Mauritaniako Errepublika Islamikoan. Seguruenik Nuakchotetik izango duzue berriz gure berri. Noiz, hori haizeak aginduko du.

Basamortuari berdin zaizkio gizakiaren mugak.

Animo horko eguraldi petralarekin eta muxu asko bion senide eta lagunei!

Hiru balbula

Ignatius J. Reillyri balbula ixten zitzaion gustukoa ez zuen zerbait gertatzen zitzaionean. Nik hiru balbula ditut itxi ezinik.

Ignatius, a ze pertsonaia.

Bata, aurreko gurpilarena, egunero puztu behar izaten baitut. Konponbide erraza dauka, baina puzteak baino alper handiagoa ematen dit.

Nire bonba ez da hemendik igaro den arma bakarra.

Albokaren eskuineko tutuak, berriz, ohi baino zarata jasangaitzagoa ateratzen du azkenengo egunotan. Teknikoki ez da balbula bat, baina gehienok ez dakizue ;-p

(Hemen ditxosozko zarataren grabazioa sartzea pentsatzen nuen, baina sufrikarioa aurreztuko dizuet.)

Deserosoena, esofagokoa. Bihotzerrearekin nabil, seguruenik gehiegi pentsatzearen eta -gehiago ez pentsatzeko- gehiegi jatearen ondorioz. Izan ere, lauzpabost egun barru harrapatuko nauen beste zikloturista baten zai geratu naiz Boujdourren eta, aurreko geldialdiak ez bezala, hau aspergarria egiten ari zait. Faltan botatzen ditut bidaiaren eguneroko ohiturak, etxeko arazoak bere tokian jartzeko.

Dena hondartu daiteke: itsasontziak, bizikletak eta bizikletariak. Atzean, Assalama ferrya.

Beraz jarraitzea erabaki dut. Presarik gabe egingo dut Dakhlarako bidea -lauzpabost etapa- eta han itxoingo diot lagunari, elkarrekin Mauritania zeharkatzeko. Zerbait ere idatziko dizuet Dakhlatik, balbulak uzten badit.