Lehenengo astea basamortuan

Basamortuari ere ateak jarri behar! Hamaiketakoa egiteko behintzat itzala eman zidan. N’Kob eta Agdz artean.

Harritu egin naiz denbora nola pasatzen den ikusita. Alde batetik pozten naiz, horrek esan nahi duelako blogak ez didala bidaia baldintzatzen. Banuen beldur hori.

Horregatik argazki honi “bidaiaria” deitu diot, eta ez “blogaria”. Alnifeko hotelean. Inori filmaren bat gogorarazi dio, asmatzen zein?

Giroa oso lehorra da eta sekulako etekina ari naiz ateratzen Tinguirren erosi nuen bost metroko “xax”-ari. Orain konturatzen naiz babes falta izan zela Atlasean zehar hainbeste egun iraun zidan katarroaren jatorria.

Berdin dio aldapan gora, aldapan behera, haizea alde ala haizea kontra. Ahoa eta sudurra estali ezean berehala lehortzen dira eztarria eta birikak. Ia beti eskuak dira agerian daramatzadan bakarrak. Argakian, Taznakhtera iristen.

Alnifetik mendebaldera, mendiz inguratutako basamortuak Sakana apokaliptiko bat ekartzen dit burura. Palmondodun oasiak gero eta urriago, udan ur erauntsiak izan ohi dituzten bailara idorrak dira. Abuztu hontan hamalau lagun eraman zituen urak bertako futbol partida bat ikusten ari zirela.

Bailarak hain zabalak izanda, mendirik ez dagoela dirudi, baina egin kasu, badaude. Alnifetik atera berritan.

Egunak antzera pasatzen dira, baina ez naiz aspertzen. Hoteldun herrixkak eta kanpinak aurkitzen hasi nintzenetik, kanpindenda gutxitan erabiltzen dut, eta janaria prestatu ere bai. Horrek egunari ordu pare bat gehitzen dizkio, “etxeko lanak” motelak baitira infraestruktura aproposik gabe.

Baina latitude honetan ere, dilistek denbora bera behar dute egosteko.

Bide batez, oso pozik nabil nire sukaldetxo errusiarrarekin. Gasolina arruntarekin dabil, eta litro beterekin zortzi orduko autonomia daukat potentzia osoan. Erregai berarekin aurre-beroketa eginez gero nahiko zikintzen da, baina eramangarria egiten zait.

Behin trasteekin hasita, beste bat aurkeztuko dut: garaiz erabiltzen hasi izan banintz hestehauste asko aurreztuko zizkidan asmakizuna.

Urarentzako filtroa. Txikia, arina, merkea, ia agorrezina… eta oso eraginkorra. Gainera filtratutako ura kloratuz gero, ia-ia ura irakitea beste.

Aste honetan ere pertsona jatorrak ezagutu ditut. Ohi bezala, batzuekin argazkia ateratzea burutik ere ez zait pasa, harremanean buru-belarri sartuta.

Xaxen aitzakiarekin bai gogoratu ginen argazkiaz Brahimen (eskuman) aterpean, N’Kob-en. Ezkerrean, Youness. Ostalari eskuzabalak.

Argazkirik gabe oroipenean geratuko direnen artean, dudarik gabe Jamil. Isolatutako zuhaitz baten azpian ezagutu genuen elkar, Marokoko meatzaritzaren gaineko ikastaro aparta eman zidan, bertan egin baitu lan urte askotan. Eguerdia inguratu zenez, bere etxean bazkaltzera gonbidatu ninduen.

Argazkirik gabe esan dut, baina gaur goizean pasa naiz bere lantokitik. Ez da jendea oroitzeko modurik positiboena, baina tira. Bou Azzer meatzea.

Gurean bezala, Maroko osoan zehar adreiluzko etxeak eraiki eta eraiki ari diren bitartean, bailara hauetan adobezko etxe eta herri asko hutsik daude.

Hauek erorita daude, baina askoz itxura hobeko beste askok ere hutsik dirudite. Zaouit Si Cherki auzoa, Draa bailara berdean.
Eta ustekabea, bidegorria basamortuan! Metro batzuk izan ziren, Bilbon bezela, baina ilusioa egiten du, motordunek ere erabiltzeko joera daukatela konturatu arte. Agdz.

Albokari buruz, nekizkien kantak nire albokari naturalki dagokion digitazioarekin berrikastea erabaki dut, bi modu desberdinetan jotzen ez aritzeko. Gainera, eskumako hatzamar txikian duela gutxi puntuak eman zizkidatenez, ez naiz era horretan moldatzen. Momentuko erronka, beraz, Re eta Fa aldi berean jotzea, esku bereko hatzamarrekin zailxeagoa dirudielako.

Ea zu nola moldatzen zaren ;-p