Elizatxoei omenaldia

Coimbratik hegoaldera jadanik. Gaur lo egiteko ibai-hondartzatxo polita begiz jo dut, herri ñimiño baten. Sargori dagoenez, um bolinho de Tentúgal dastatu bitartean atzeratutako argazki batzuk jarriko ditut bistan.

Izan ere, bloga erabiltzen ikasten nabil oraindik -Rokeren gidaritzarekin, eskerrik asko- eta igota neuzkan argazki asko ez zeuden eskuragarri.

Lehenengo bildumatxoa bidaiaren lehenengo hiru asteetan lagun izan nituen eliza eta ermitena da. Ez dakit zenbatetan idatziko nuen gps-an iglesia/igrexa eta ermita/ermida. Orain ordea, Portugalen, “parque de merendas” eta “praia fluvial” dira trendintopik.

Tetrikoa dirudi, baina toki ederra da, herrixka maldatsu ta mahastitsu baten.
Hasieran aipatutako tokia. Ez zegoen inolako gizaki-hotsik.
Harrigarriki ondo zaindutako eta gutxi bisitatutako horrelako dexente daude.
Arreta gehiegi ez deitzeagatik, kanpin denda gabe egiten nuen lo horrelakoetan, baina ez nago ziur zer den diskretoagoa.
Hemen bazkaldu egin nuen bakarrik, baina goizegi ez balitz toki bikaina zen lotarako.
Eliza bera urrundik ikusita.
Hemengo gidari baimena eskatu nion. Hasieran zalantzati, baina nire txartela eman nionean lasaiago.
Hemen bi gau pasa nituen, toki aparta bost kilometroko pistaren bukaeran.
Eliza bera. Urtegi baten ondoan izanda, ura potabilizatzeko sistemak estreinatu nituen.
Bi munizipalek egin zidaten bisita hemen. Oso jatorrak, ni bezala gabiltzanok inoiz ez omen dugu arazorik sortzen.
Hona igotzeko infernuzko aldapa zegoen, inork enbarazurik egingo ez duen bermea. Azpiko herritar bati galdetu nionean horregatik egingo zuen barre.
Afrikar ilunabarra Leonen
Leongo egunsentia Leonen
Hau apaiz batek utzitako etxola da, baina Beleneko portala dirudi, ezta?