Sil

Edonor zikloturismoaz maitemintzeko egun aproposa izan zen atzokoa. Goiz freskoa Sil ibaiaren ondoko mahastietan zehar, autopisten ta gizakien gainetik hegan egiten duten errepide zaharrak, zuhaitz eta landareen usai sarkorra…

A Rúa

Beti bezela nahi baino kilometro batzuk gehiago izan ziren, baina saria ere apartekoa, toki zoragarria Sil eta Lor elkartzen diren tokian.

Aguas Mestas, momentuz (zorionez) itxita dagoen konplexu kanpinistikoa.

Hemen ere lagunak egin ditut, Diego, neu bezala gaitajole, Sandra eta haur bizi-biziak. Albokarekin poz-pozik danak. Aurreko egunetako lagunei ere omenalditxoa zor diet.

Via de la Platatik jeisteko nuen asmoa baztertuta, lagun batzuei Galizian bisita egin ta Portugaletik joko dut, turismoak jaten ez banau.

Muxu handi bana!

Ongietorri hezea

Lehenengo egunetako esperientziekin jarraitu aurretik, fresko dagoen bat:

Asmo oneko aholku bati jarraituz Santiagiri bide bete-betean sartu nintzen. Dena megaturistizatuta ikusita, aurrera ta aurrera egin nuen baina berandutu eta ez zen paisaia aldatzen. Erromes akreditazioa edo visa, ez dago besterik, eta jendearen harrerak zerikusirik ez aurreko egunetako herrixka galduekin.

Azkenik, Cacabelos herrian bertako pare bati galdetu ondoren, erreka ondoko zelaitxo bat begiz jo nuen. Ilundu arte itxoin eta alderik ezkutuenera joan nintzen. Hasierako zalantzak uxatuta, sekulako tokia zen lo egiteko. Eta egin.

Nork pentsatuko zukeen…?

Goizeko ordubietan, ordea, zaparrada bat sentitu nuen. ¿Posible ote? Tzatzatzatzatzatzatzatza… Cacabeloseko armada ikustezina ur tankeekin, atzetik eta aurretik. Ez ninduten ezagutzen, esterilla azpiko izara inpermeablean bildu eta minutuak zenbatzen hasi nintzen. -Hemen ez daukate ura soberan eta halako baten bukatuko zaie munizioa.- Bai horixe! Ez dakit ordu erdi ala ordubete izan zen, baina nire zakua eta burukoa zopa-zopa egin baino lehenxeago aldegin zuten menperatuta. Halako erromesik ez dute ikusi hemendik.

Gaur eguerdian lehortu ditut bustitakoak eta Tutatisi eskatu diot aparta nazala betiko Camino malapartatu hoietatik. Mendien babesean berriro, berrekuratu ditut jende adeitsuak eta nire neurrira egindako elizatxo erromanikoak. Hoiek beste bidalketa baten laburtuko ditut.

Antzeko egoera bat biziz gero, kontuan izan kiribilo taktikaren alde ahulak (geziekin markatuta).